Defentsa Estrategikorako Ekimena
Defentsa Estrategikorako Ekimena, ingelesez: Strategic Defense Initiative edota SDI, 1983ko martxoaren 23an, AEBetako presidente Ronald Reaganek proposaturiko defentsa sistema bat izan zen. AEBak kontinentearteko misil nuklearren eraso batetik babestearren, Lurrean eta espazioan ezarriko zen defentsa-sistema hau. Ekimena eraso politikan eta Elkar Suntsiketa Ziurtatuaren (MAD) teorian ez, baizik defentsa estrategian oinarritua zegoen. 1984an Ameriketako Estatu Batuetako Defentsa Sailak Defentsa Estrategikorako Ekimena ikuskatzeko Defentsa Estrategikorako Ekimenaren Erakundea (SDIO) abiarazi zuen.
Ekimenak ezagutzera eman bezain azkar kritika ugari jaso zituen, batik bat oso errealista ez izatea, baita azientifikoa ere, eta Elkar Suntsiketa Ziurtatua desorekatzea eta "eraso-arma lasterketa" bat berpiztea leporatzen baitzioten.
Hedabideek berehala Izarretako Gerra (Star Wars) ezizena ipini eta nagusiki izendapen honekin ezagun egin zen, alegia, 1977an estreinatutako George Lucas estatubatuar zuzendariaren Izarretako Gerra sagaren izenarekin. 1987an American Physical Society erakundeak adierazi zuen Star Wars erako misilen aurkako ezkutu bat ezin gauzatuzkoa zela garai hartako teknologiarekin, eta gainera, egingarria ote zen jakiteko, hamar urteko ikerketak egin beharko liratekeela.
Reagan Elkar Suntsiketa Ziurtatuaren estrategiaren aurka gogor mintzatu zen, Defentsa Estrategikorako Ekimena bultzatu zuen, eta disuasio nuklearreko politika amaiarazteko asmoa zuen defentsa politika horren zati nabarmena bihurtu zuen. Bestalde, Sobietar Batasunaren defentsa nuklearreko osagai militarrak neutralizatzeko estrategia ekimena ere bazen.
1993an, jada Bill Clintonen presidentearen agintaldian, Misil Balistikoen Defentsa Erakundea (BMDO) izendapenera aldatu zuten, eta haren ikerketa lana misilen defentsa nazionaletik misilen defentsa taktikora igaro zen. Gainera, haren jarduera esparrua eremu orokorretik eskualde eremura igaro zen.